Ozeano Bareko plastiko-uhartean, komunitate berri bat sortu dute kostako ornogabeek

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

pazifikoko-plastiko-uhartean-komunitate-berri-bat
Kostako ornogabeak itsas zabaleko plastiko-hondkainetan bizitzeko gai direla frogatu dute. Arg. Limbah/Flickr/CC BY-SA 2.0

Ozeano Bareko mendebaldeko kostako itsas ornogabeek komunitate bat sortu dute Ipar Pazifikoko ekialdeko zurrunbilo subtropikaleko hondakin plastikoetan. Hondakin-multzo hori Ozeano Bareko plastiko-uhartearen izenez ere ezagutzen da, eta itsas zabalean dago. Ikertzaileek, baina, frogatu dute kostako itsas ornogabeen bizileku bihurtu dela, eta ugaldu ere egiten direla leku hartan. Komunitate neopelagikoa deitu diote, eta Nature Ecology & Evolution aldizkarian eman dute horren berri.

Ikerketa egiteko, Linsey Haramek eta lankideek 105 hondakin plastiko flotatzaile jaso zituzten, 2018ko azarotik 2019ko urtarrilera bitartean, Ipar Pazifikoko ekialdeko zurrunbilo subtropikalean. Guztira, 484 organismo ornogabe identifikatu zituzten laginetan, eta horietatik % 80 kostaldeko habitatetan egon ohi diren espezieak ziren. Kostaldeko espezieen kopurua, hala nola artropodoak eta moluskuak, normalean itsaso irekian bizi diren espezie pelagikoena baino hiru aldiz handiagoa izan zen. Han bertan ugaltzen direla ere baieztatu dute.

Ikertzaileen esanean, aurkikuntza horrek adierazten du kostako jatorrizko espezieak gai direla hainbat urtetan milaka kilometro egiteko hondakin plastikoetan, eta bizirik irauteko eta ugaltzeko. Hortik ondorioztatu dute, gainera, orain arte itsaso zabalean ez bizi izanaren arrazoia ez zela ekologikoa ez fisiologikoa, baizik eta ez zutela substraturik. Plastikozko hondakinak kostako espezieen bizileku bihurtzean, elikadura-dinamika berriak sortu dira, eta dibertsitate handiko komunitateak agertu dira itsas zabalean. Azaldu dutenez, ikerketa gehiago behar dira espezieen biziraupena eta ondorio ekologiko eta ebolutiboak ulertzeko.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila