Pariseko metro berria

Udaberri honetan Pariseko metroko tren berrien probaldia hasiko da. Tren berriak bagoi artikulatu luze bakarra du, lotutako batzuk izan ordez. Ohizko konfigurazioko trenek baino %20 bidaiari gehiago garraia dezake tren berriak. Honi esker Pariseko metroko arduradunek bidaiari asko garraiatzearen arazoa epe luzerako konponduko dutela uste dute.

Hiri handien barneko garraiabideen diseinatzaileek bi arazo dituzte metroaren edukiera hazteko unean: tunelaren zabalera eta trenen luzera. Tunelak zabaltzea oso garestia da alde batetik. Eta bestetik, trenak geltokiko plataformak baino luzeagoak egiteak ez du zentzurik.

Boa izeneko tren berri honek diseinu berria du. Trena higitzeko indarra beraren muturretan dauden bi orga edo bogiek ematen dute. Ohizko bogieek tamaina berdineko bi gurpil-pare finko dauzkate. Diseinu berri honetan gurpil-bikoteak ez dira berdinak. Bikoterik txikienak handienarekiko pibota dezake. Traktorea bezalakoa da: gurpil txikiek gidatu egiten dute eta handiek indarra eragiten dute.

Bagoiak gainera, ohizkoak baino motzagoak dira eta bi gurpil-bikoteren gainean doaz ohizko lau gurpileko bogieen gainean joan ordez. Horregatik gurpilak bagoian muturrerago jartzea posible da. Eraikitzaileek esaten dutenez, trenak azkarrago hartu ahal izango ditu kurbak, baina bagoien muturrak ez dira kurbetan kanporantz horrenbeste irtengo.

Bidaiarientzako toki gehiago, bagoien arteko loturagunetan irabaziko da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila