Parasitoen beldur, kilkerra isildu

Parasitoen beldur, kilkerra isildu
2006/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: J. Rotenberry/UCR)

Hawaiiko Kauai uhartean Teleogryllus oceanicus espezieko kilker gehienak isilak dira orain (hamarretik bederatzi). Kilker isilek abantaila handi bat dute: Ormia ochracea euli parasitoaren erasoa saihesten dute; izan ere, euli emeak oso entzumen zorrotza du, eta kilker arrak kantuan ari direnean lokalizatzen ditu. Ondoren, arrautzak jarri eta larbak kilkerraren barruan hazten dira.

1990eko hamarkadan, kilkerrak urritzen ari zirela ohartu ziren Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile batzuk; geroz eta kilker-kantu gutxiago entzuten zuten. Baina 2003an ohartu ziren, kanturik apenas entzuten zen arren, kilkerrak ugaritu egin zirela: kantatzen ez zuten kilkerrak ugaritu ziren.

Kilker isilek kantariek baino hego leunagoak dituzte. Eta, iraupenari dagokionez, hego leuneko kilker isilek abantaila dute kantarien aldean parasitoari dagokionean, honek ezin baititu lokalizatu. Baina, itxura batera behinik behin, traba handi bat ere badute ugaltzeko garaian: emea ezin dute erakarri kantatu ezik. Hala eta guztiz ere, kilker isilak ugariak dira, ugaltzeko garaian arrakasta izan duten seinale. Bada, arrakasta hori portaera berezi bati esker lortu omen dute: kilker isilak kantari baten inguruan jartzen dira, eta kantuak erakarrita emeak gerturatzen direnean ugaltzen dira.

1
225
2006
11
023
Zoologia; Ekologia; Genetika; Biologia
Berriak labur
10
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila