Paperezko orri bat dirudien bateria bat egin dute New Yorkeko Rensselaer Institutu Politeknikoan.
Bateriaren oinarria zelulosazkoa da, eta, alde batetik, karbonozko nanohodiak ditu, eta, beste aldetik, litio metala. Zelulosa, berriz, litio hexafluorofosfatozko soluzio batean bustita dago. Hala, alde bakoitza elektrodo bat da, soluzioak elektrolitoa ematen du, eta zelulosak bereizgailu gisa lan egiten du.
Bateria malgua da, mehea, 150 ºC eta -70 ºC arteko tenperaturetan lan egin dezake, merkea da eta ez oso toxikoa. Besteak beste, taupada-markagailuetan, intsulina-ponpetan, telefono mugikorretan eta ordenagailu eramangarrietan aplikatzea espero dute ikertzaileek.