Hortzen azterketak informazio baliotsua ematen du iraganeko gizakiei buruz. Adibidez, hirugarren esku gisa erabiltzeak sortzen duen higadura ikertuta, hobeto ezagutu dira haien ohitura eta jarduera batzuk. Kantabriako Unibertsitatean, orain arte gutxi aztertu diren hortz batzuk ikertu dituzte: esneko hortzak. Horri esker jakin dute Paleolitoko haurrek taldeko lanetan parte hartzen zutela.
Zehazki, duela 100.000-60.000 urteko zortzi haur neandertal eta sapiensen esneko hortzen higadura ez-murtxikatzailea, hau da, kulturarekin zerikusia duena, aztertu dute. Kantaurikoko kobazuloetako aztarnategi hauetan aurkitutako hortzak dira: Axlor (Dima), Santa Katalina (Lekeitio), El Castillo (Kantabria) eta Las Caldas eta Tito Bustillokoak (Asturias), kultura musteriar eta madaleniarren artekoak.
Journal Of Human Evolution aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Besteak beste, frogatu dute haurrek zenbait jardueratan sortzen diren markak dituztela hortzetan, esaterako, material bat (larrua, haragia…) hortzen eta esku baten artean eutsi eta beste eskuaz suharriaz moztean eragindakoak. Gainera, eskuinak zirela baieztatu dute, eta landare-zuntzak erabiltzen zituztela hortzak garbitzeko.Elhuyarrek garatutako teknologia