Ozeano kutsatuetako baldintzak imitatuta, nanoplastikoak organismo urtarretan zer abiaduran metatzen diren aztertu dute Plymouth-eko Unibertsitatean. Bieirak erabili dituzte proba egiteko, eta emaitzek erakutsi dute ordu gutxi batzuk nahikoa direla nanopoliestireno-partikulak xurgatu eta bizidunen organo nagusi gehienetan zabaltzeko.
Environmental Science and Technology aldizkarian argitaratu dute lana, eta haren arabera, ur kutsatuetan jarri eta handik sei ordura, 250 nm-ko partikulak hesteetan metatuta zituzten bieirek, eta partikula txikiagoak, 25 nm-koak, baita giltzurrunetan, giharretan, zakatzetan eta bestelako organoetan ere.
Datu esanguratsu gehiago eman du ikerketak: sei ordu horiek igarotakoan bieirak ur garbitara pasa bazituzten ere, nanopoliestirenoak hor jarraitzen zuen handik hainbat astera. 25 nm-ko partikulak 14 egunez hauteman dituzte, eta 250 nm-koak, berriz, 48 egunez.
Ikertzaileen esanetan, nanokutsatzaileok bizidunen ehunetan nola zabaltzen diren ikusteak lagundu dezake ulertzen zer ondorio izan ditzaketen gerora organismoan. Sei orduko kutsadura puntual baten eragina aztertu dute, baina epe luzeko kutsadurak zer nolako ondorioak izan ditzakeen begiratzea falta da orain.
Itsasoko plastikoen inguruko informazio gehiago: Itsaso bat plastikozkoa
Plastikoen arazoari irtenbidea emateko proposamena: Irtenbide zirkularra, mundua irensten ari den nonahiko zaborraren kontra