1991ean Tirolean aurkitu zen 5.000 urteko giza momiaren osasun-egoera ez zen oso ona elurrak estali zuenean. Otzi-ren momifikatutako gorputza X izpiz aztertu denean artritis mingarria, saihets hautsiak eta arteria gogortuak zituela ikusi da.
Bestetik, gaur egungo gizakiongan oso gutxitan ikusten diren eskeleto-egiturak zeuzkan. Besteak beste, 11 pare saihets zituen ohizko 12ren ordez. Gainera, bekaineko hezurra ohizkoa baino lodiago zeukan, tibia ohizkoa baino luzeagoa eta estuagoa eta aurreko betortzen artean zuloa. Akats horiek oraingo gizakiongan ohizkanpokoak ez dira. Alabaina, guztiak ale bakar batean aldi berean agertzea guztiz harrigarria da.
Gainera, lepoan, bizkarrean eta aldakan artritisa zeukan eta horren ondorioz, min kronikoa izango zuen. Hala eta guztiz ere, gauzarik harrigarriena bere arteriak eta benak kaltzifikazio-bidean egotea da. Arazo hori dieta modernoari egotzi izan zaio orain arte eta, uste zenez, garai hartako jan-neurria gaur egungoa baino osasuntsuagoa izango zen. Elurroldeak Otzi harrapatu izan ez balu, bihotzekoak hilko zukeen.