Otsoek baino ardi gehiago jaten dituzte basati bihurtutako etxe-zakurrek Euskal Herrian

Otsoek baino ardi gehiago jaten dituzte basati bihurtutako etxe-zakurrek Euskal Herrian
2010/02/01 | Elhuyar
Iberiar penintsulako otso bat. Arg.: Raúl Arévalo.

Otsoenak ziruditen gorotzak aztertuta, Euskadiko Otso Taldeko eta Sevillako Doñana Estazio Biologikoko bi ikertzailek ikusi dute otso europarrak, hein handi batean, harrapakin basatiez elikatzen direla, eta, ardiez, kasuen % 3an besterik ez. Kasu gehienetan, % 70ean, hain zuzen, orkatzen eta basurdeen hondarrak aurkitu dituzte otsoen gorotzetan. Zakurren gorotzetan, aldiz, kasuen % 36an aurkitu dituzte ardi-hondarrak.

Harrapari handiak, hala nola otso iberiarrak, berriz ere kolonizatzen ari dira herrialde industrializatuetako hainbat eremu. Hain zuzen, otso europarraren Iberiar penintsulako populazioaren ekialdeko muga Euskal Herrian dago; Araban batez ere. Inguru horretan, latxa ardiak dira abere ugarienak. Ardiak hesitu gabe egoten dira askotan, eta ez dira beti artzainen zaintzapean egoten.

Askotan berri ematen da ardi horiek erasoak jasan dituztela, eta Euskadiko Otso Taldeko Jorge Echegarayk, azterketa egin duen ikertzaileetako batek, esan bezala, "eraso horien % 95 otsoei leporatzen dizkiete". Horrek liskarrak eragin izan ditu baserritarren, kudeatzaileen eta otsoen kontserbazioaren aldeko agentzien eta taldeen artean. Otsoek oso ospe txarra dute, eta jazarpen handia jasaten dute, "seguru asko, bidegabe", dio Echegarayk.

Adibidez, Arabako Aldundiaren datu ofizialen arabera, 2003-2004 urteetan 432 aberek jasan zuten erasoa, eta zakurrei 10 eraso baino ez zizkieten leporatu. Basati bihurtu diren eta kontrolpean ez dauden zakurrak ohikoak dira, eta, otsoak bezala, gai dira abereei eraso egiteko, bereziki ardiei. Baina oso gutxitan neurtzen da zakurrek abereen harraparitzan izan duten erantzukizuna, besteak beste teknikoki zaila delako eraso jakin batean harraparia zein izan den zehaztea.

Ikertzaileek frogatu dute metodo genetikoak tresna erabilgarriak direla horrelako gaizkiulertuak konpontzeko. Ikerketan, lehenengo begiratuan otso europarrenak ziruditen 136 gorotz bildu zituzten. Mitokondrioetako DNAn egindako analisien bidez, 86 gorotzen jatorrizko animalia identifikatu ahal izan zuten: 31 otsoenak ziren, 2 azerienak eta 53 zakurrenak.

Otsoen nahiz zakurren gorotzetan zeuden harrapakin-arrastoak aztertzean, ikusi zuten gorotz bakoitzak harrapakin bakar baten hondarrak zituela. Bada, otsoen gorotzetan, kasuen % 27an abere-arrastoak aurkitu zituzten, baina ardi-arrastoak kasuen % 3an bakarrik azaltzen ziren. Gainerakoetan, zaldiz eta behiz elikatu ziren otsoak. Zakur-gorotzetan, berriz, kasuen % 36an aurkitu zituzten ardi-aztarnak, eta, oro har, zakur-gorotzen % 54an abereak izan ziren harrapakinak.

Emaitza horiek ikusita, Echegarayk dio Aldundiak zalantzan jarri beharko lukeela "zuzena ote den" otsoei leporatzen dieten eraso-kopurua, eta horrek balio beharko lukeela "prebentzio- eta ordain-programak behar bezala diseinatzeko", eta harrapari naturalen eta gizartearen arteko gatazka txikitzeko.

1
261
2010
2
014
Abeltzaintza; Ekologia; Zoologia
Albisteak
15

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.