Saguek oroimena berreskuratzea lortu dute Minneapolisko neurobiologo batzuek, proteina bati eraginda. Alzheimerren gaixotasunerako eta oroimenarekin zerikusia duten beste gaixotasun batzuetarako tratamenduak aurkitzen lagunduko omen du ikerketak honek.
Ikerketarako, genetikoki eraldatu dituzte saguak: tau proteina gehiegi ekoizten zuten. Proteina horren eraginez, garuna ohi baino gehiago korapilatu zitzaien saguei
—dementzia duten gaixoetan bezala—. Saguen oroimena neurtzeko, labirinto bat erabili dute: genetikoki eraldatutako sagu horiek ez zuten gogoratzen irteerarako bidea.
Proteina hori ekoiztea saihestutakoan, ordea, oroimena berreskuratu dute
saguek, neurri batean, behinik behin. Garuneko nahaspilak bere horretan
jarraitzen du, dena den; ondorioz, pentsa liteke garuneko nahaspilak
ez baizik tau proteinak eragiten duela oroimena galtzea.
Dena dela, dementzian beta-amiloide proteinaren plakak ere izaten dira garunean, eta, ondorioz, oroimen-galerari aurre egiteko tratamenduetan bi proteina-motak hartu beharko dira kontuan.