Orkideoa,zelatan, tente, ... beti lirain

FITXA TEKNIKOA Orkideoa

Orkidazeoaren familiak, espezie-kopuru handia du: 17.000 espezie inguru eta 750 genero. Tropikoetan nahikoa ugari izaten badira ere, basamortuetan ia-ia ez dira agertzen. Orchis generoaren barruan 35 espezie inguru ezagutzen dira Europan eta hauen artean, Euskal Herriari dagokionez, aztergai dugun Orchis mascula espeziea arruntena litzateke.

Orkideo hau oso erraz zabaltzen da gure inguruko larre eta belardietan, basogune desberdinetan (pagadi eta hariztietan) ere nahikoa ugari izaten delarik. Itsas labarretatik gure mendi-gailurretaraino hedatzen da, martxoaren bukaeratik ekaina bitartean tente, lirain eta loratua ikus dezakegularik.

Landare hau aldakorra izaten da, 15-50 zentimetroko altuera du, glabroa da eta bere zurtoina tente, leuna eta zilindrikoa du. Zurtoinaren behealdea 3-5 hostoekin osatzen da, luzanga-lantzeatuak (askotan tita-formakoak) direlarik.

Infloreszentzia, galburu dentso eta zilindriko batez osatzen da. Loreak arrosa-koloretik purpura-kolorerainokoak dira, tono ugari azalduz. Aztergai dugun espeziera mugatuz, lore ugari duela azpimarratuko dugu. Usain desatsegina eta definitu gabekoa du. Sustraian 2-3 tuberkulu izaten ditu (“Orchis” grekoz, erraboiladun landarea litzateke), hauek landarearentzat elikatzeko almazena direlarik.

Genero honen barruan eta Euskal Herriari dagokionez, 14 espezie inguru azalduko lirateke.

Orkideoak historian zehar (eta Euskal Herrian ere bai) sendabelar gisa erabili izan dira eta espezie hau erabilienetakoa da. Esate baterako, Araban ahulezia eta prostatako gaixotasunak sendatzeko. Afrodisiako gisa ere erabiltzen da. Bere tuberkuluetan almidoi tankerako substantzia bat dago (basorina) eta berarekin edari bat prestatzen da. Erraboila hauek elikagai bezala balio handikoak dira, baina zorionez ekonomi aldetik ez da batere errentagarria.

Bukatzeko, familia honetako genero asko “jazarri” dela azpimarratu behar da, bildumazaleak tartean direla eta... Espezie ugari egoera kritikoan dago. Landare polit hauek eta bere habitatak bereziki errespetatu beharko genituzke... Hortaz ere hurrengo batean iharduteko aukera izango dugu.

Familia : Orkidazeoak
Espeziea : Orchis mascula
Banaketa : Arrunta
Sendabelarra : Bai

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila