Ordenagailuek minbizia diagnostikatzen ikasi dute

ordenagailuek-minbizia-diagnostikatzen-ikasi-dute
Irudian, bularreko ehunaren 18 lagin eta C-Path programak automatikoki haiekin erlazionatu dituen egiturak. Arg. © Science/AAAS

Standford Unibertsitateko ikertzaileek minbizia diagnostikatzen eta tumorearen bilakaera iragartzen irakatsi diete ordenagailuei. Horretarako, pazienteen bularreko ehunen irudiak eta datu molekularrak bildu dituzte bost urtez, eta haiek erlazionatzen dituen programa bat sortu dute. Hala, irudiak eta datuak alderatuta, ordenagailuak bularreko minbizia detektatzen eta pronostikoa egiten ikasi du. Programa adimenduna da; beraz, zenbat eta gehiago trebatu eta paziente gehiagoren datuak jaso eta erabili, orduan eta diagnostiko hobea egingo du.

Ikertzaileek C-Path deitu diote programari (Computational Pathologist), hau da, patologo informatikoa, eta, haien esanean, "giza patologoa baino hobea" da. Izan ere, gizakia bere begien zorroztasunean eta esperientzian oinarritzen da diagnostikoa egiteko, eta programak, berriz, ehunen 6.000 ezaugarri aztertzeko gaitasuna du. Bide batez, konturatu dira tumore-zelulen inguruan dauden zelula osasuntsuak uste baino garrantzitsuagoak direla diagnostikoan asmatzeko.

Science Translational Medicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, nahiz eta oraindik ez dagoen ospitaleetan erabiltzeko prest, haien helburua bada sendagileentzako tresna baliagarria bihurtzea. Horrenbestez, hori lortzeko lanean jarraituko dutela adierazi dute ikertzaileek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila