Ordenadore eramangarriak, etorkizunik bai?

Ordenadore hauek, muga bat dute; korronte elektrikoari konektatuta egon behar dute eta hauxe da hain zuzen ere ordenadore eramangarriekin gainditzen den eragozpena; hauek bateria bidez funtzionatzen bait dute.

Dagoeneko, leku gehienetan erabiltzen diren ordenadoreek ez dute leku finko batean higitu gabe zer egonik. Behar izanez gero, oso gomendagarria ez bada ere, bulego-barnean lanpostu batetik bestera eraman ditzakegu problema handiagorik gabe. Baina ordenadore hauek, mahai gaineko ordenadore bezala ezagutzen direnak, muga bat dute; korronte elektrikoari konektatuta egon behar dute eta hauxe da hain zuzen ere ordenadore eramangarriekin gainditzen den eragozpena; hauek bateria bidez funtzionatzen bait dute.

Ekipo txikiak dira (3.5 kg.tik 7 kg.ra bitartekoak), likidozko, beirazko edo plasmazko pantaila dute eta gaur egun zenbait lekutan, EEBBtan adibidez, batetik bestera ibiltzera behartuta dagoen profesionalarentzat behar-beharrezko erreminta dira. Eta baita etxean lanean segitu nahi dutenentzat ere, noski.

Printzipioz makina hauek mahai gaineko ordenadoreek burutzen dituzten lan gehienak egiteko gai direla esan daiteke, beti ere memori edukiera kontutan eduki beharko delarik. Makina hauetan eskutitzat, txostenak, etab. idatz daitezke, eta ez hori bakarrik; baita zuzendu eta ondoren inprimatu ere, edota beste ordenadore batera bidali ere modem-a erabiliz.

Gaur egun, eta estatu-mailan behintzat, ordenadore hauek ez daude oso hedatuak; alde batetik oraindik garesti samarrak gertatzen direlako eta bestetik lana batipat, bulegoan edo etxean egiten delako, ez da oso normala bidaiatan jendea ordenadorearekin lanean ikustea. Gainera, etxean lana egin nahi izanez gero badirudi, prezioak kontutan izanda, mahai gaineko mikroordenadore bat erostea egokiagoa dela.

Dena den, denbora pixka batera produktu berri honen bezeria hazten joango dela dirudi; banka- eta kazetaritza-arloetan batez ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila