Mahatsari ere iritsi zaio txanda: duela gutxi aurkeztu dute Nature zientzia-aldizkarian haren genoma. Zehazki, Pinot Noir barietatearen aldaera baten genoma deskodetu du ikertzaile frantziarrez eta italiarrez osatutako talde batek; guztira 30.000 gene baino gehiago. Aipatzekoa da mahatsondoa dela sekuentziatu duten lehen fruitu-landarea, eta, loratzen diren landare guztietatik, berriz, laugarrena.
Espero zen bezala, ardoari zaporea ematen dioten konposatuekin lotutako gene asko identifikatu dituzte. Ikertzaileen esanean, gene horiek identifikatuta izatea oso baliagarria izan daiteke ardogileentzat, bestelako zaporeak sortzeko gene-konbinazio berriak proba ditzaketelako.
Baina ardoaren zaporean beste faktore askok ere eragiten dute; hortaz, genoma ezagutzea horretarako baino askoz ere baliagarriagoa izango da izurriteei aurre egiteko barietateak sortzeko. Horrez gain, landareen eboluzioa argitzeko arrastoak ere eman ditu ikerketak.