Opioideen krisia AEBek izan duten “osasun-hondamendirik handienetako eta konplexuenetako bat” dela adierazi du AEBetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA), kaleratu berri duen prentsa-oharrean. Berez, krisi horri aurre egiteko neurri berriak iragartzen ditu oharrak, baina, haien berri eman aurretik, FDAk izurriaren neurria agerian jarri du, eta aitortu du orain arte hartutako neurriak eskasak eta, batzuetan, desegokiak izan direla.
Horrenbestez, “zientzian oinarritutako agentzia” den arren, eta, zorrotz jokatzeko, datu eta azterketa gehiago beharko liratekeen arren, erabaki du ez itxarotea eta larrialdiko neurriak hartzea.
Neurri berriak azaldu aurretik, iaz egindakoa gogoratu du. Besteak beste, mina kentzeko tratamenduen arriskua ebaluatzeko eta apaltzeko estrategia indartu eta hedatu zen, eta, medikuei ez ezik, trebakuntza eman zitzaien erizanei eta farmazialariei.
Horrez gain, legez kanpoko erabilera galarazteko arraudia gogortu zen, arreta berezia jarrita fentaniloan. Halaber, adikzio berriak ez sortzeko neurriak ere hartu ziren, ebidentziatan oinarrituta erabakitzeko noiz agindu opioideak, zenbat eta noiz arte. Eta heziketan eta prebentzioan ere ahalegina egin zen.
Neurri horiek eragin mugatua izan dutenez, aurten beste batzuk martxan jarriko ditu FDAk, beste sailekin elkarlanean. Izan ere, agindutako opioide-kopuruak gaina 2012an jo zuen arren (260 milioi agindu ziren; 1997an, 145 milioi), gaindosi-kasuak oraindik gorantz doaz.
Hala, oharrean aipatzen duen lehen neurria opiodeen paketatzea aldatzea da, alegia, tratamenduari egokitutako dosi eta neurrian ematea sendagaiak, adikzioak eta gaindosiak saihesteko.
Gainera, botikak hartzeko modu berriak ere probatzeko asmoa du, esaterako, fentaniloa mukosetan zehar emateko modu bat probatuko du (TIRF), tratamenduaren jarraibideak behar bezala bete ezin dituztenekin. Mina kentzeko botika ez adiktiboen ikerketa ere bultzatuko du.
Bestalde, gaindosiak eragindako heriotzak saihesteko, naloxona merkatuan libre saltzeko modua aztertuko du. Izan ere, orain naloxona errezeta bidez baino ezin da lortu, eta horrek, batetik, zaildu egiten du behar duten guztiengana iristea, eta, bestetik, estigma sortzen du. Hori gainditzeko, naloxona libre saltzea bultzatuko du, eta erabiltzeko jarraibide errazak ere emango ditu, piktogramak erabilita.
Legez kanpoko erabilerari aurre egiteko, berriz, merkaturatzea eta banatzea eragozteko neurriak indartuko ditu, baita Internet bidez ere. Adibidez, Googlek dagoeneko ez ditu indexatuta opioideak saltzen dituzten guneak, eta Facebookek eta Instagramek drogomendekotasuna prebenitzeko eta tratatzeko guneetara birbidaltzen dituzte bilaketa egiten duten erabiltzaileak.
Bukaeran, hauek neurrietako batzuk baino ez direla adierazi du FDAk, eta krisi latz horri aurre egiteko erabaki gogorrak hartzeko garaia dela berretsi du.