Onddoak bonbardatu

Erradioimmunoterapia (RIT) minbiziaren aurka erabili izan da, baina, dirudienez, onddoek sortutako infekzioetarako terapia gisa ere eraginkorra izan daiteke.

Ikerketa saguekin egin dute. Hiesa duten gaixoek sarri izaten duten Cryptococcus neoformans onddoaren aurka bismuto-213 eta renio-188 atomo erradioaktiboak erabili dituzte. Ondorioz, saguen % 60an infekzioak atzera egin du. Eta, gainera, minbiziaren aurkako erradioimmunoterapian ez bezala, terapia honek ez dio kalterik egin saguen bizkarrezur-muinari.

Terapiaren oinarria bismuto-213 eta renio-188 atomo erradioaktiboak dira, zelulen DNA hondatzen dutelako. Atomo horiek odolean injektatzen dira; bertan, antigorputzei itsasten zaizkie; horrela, infekzioa dagoen lekura iritsi eta patogenoa estaltzen dute, eta aldameneko zelulei ez diete kalterik eragiten.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila