Inoiz aurkitutako onddo karniboro zaharrenak aurkitu dituzte Alemaniako ikertzaile batzuek, ehun milioi urteko anbaretan sartuta. Egia esan, harrituta gelditu dira aurkikuntzarekin, horrelako onddoak lurrean bizi direlako, oro har, eta ez anbar bilakatuko den erretxina ekoizten duten zuhaitzetan.
Arraroa izan edo ez, aurkitu egin dituzte. Are gehiago, hifan, onddoen oinarrizko harizpi-egituran, onddoaren bizi-zikloaren fase guztiak desberdindu ahal izan dituzte: bai esporak ekoizten zituzten egiturak, blastosporak, bai harrapakinak harrapatzeko erabiltzen zituzten egiturak.
Harrapakinei heltzeko, eraztun-itxurako egitura batzuk garatzen zituzten, eta hifari lotuta nahiz hifatik aske aurkitu dituzte. Izan ere, ikusi dute eraztunen inguruan partikula txiki batzuk dituztela, eta esan dute segur aski harrapakinei errazago heltzeko substantzia itsaskorren bat jariatuko zutela partikula horiek.
Harrapakinak zizare-itxurako nematodo batzuk zirela uste dute ikertzaileek, gutxi gorabehera eraztunen diametro bereko nematodo batzuk aurkitu baitituzte onddoekin batera anbaretan fosilduta. Dirudienez, nematodoak eraztunekin inguratzen zituzten, eta, ondoren, animaliak barneratu eta digeritzen zituzten.