Odoleko tumore-zelulak bereizteko mikrotxipa garatu dute

Odoleko tumore-zelulak bereizteko mikrotxipa garatu dute
2010/12/01 | Elhuyar
Euro bateko txanponen neurrikoa da mikrotxipa, eta kanal txiki bat du, tumore-zelulak dituzten odol-laginak sartzeko. Arg.: Ikerlan-IK4.

Ikerlan-IK4k eta Mondragon Unibertsitateak parte hartu dute mikrotxiparen proiektuan.

Odolean doazen tumore-zelulak ultrasoinu-uhinen bidez bereizteko eta ateratzeko gai den mikrotxip bat garatu dute Zientzia Ikerketen Kontseilu Gorenak, CSICek, sustatutako proiektu batean. Ikerlan-IK4 eta Mondragon Unibertsitatea izan dira proiektuko partaide, baita Elxeko Unibertsitateko Hospital General Fundazioa eta Alfredo Carrato ikertzailea ere.

Metastasiak hasierako faseetan hautemateko eta minbiziak jotako pazienteentzako terapien eraginkortasuna kontrolatzeko balio du mikrotxipak. Euro bateko txanponen neurrikoa da, eta kanal txiki bat du, odol-laginak sartzeko. Gune jakin batera bideratutako ultrasoinu-uhinak erabiltzen dira tumore-zelulak pilatzeko eta odoletik ateratzeko. Izan ere tumore-zelulek dentsitate eta tamaina desberdina dute, gainerako zelulekin konparatuta. Bestalde, zelulen propietateak ez dira aldatzen, eta, aurrerago, ikerketa edo analisi biomolekularrak egin daitezke haiekin.

Ikertzaileen asmoa da hurrengo fase batean prototipo industrial bat garatzea, eskala handian erabili ahal izan dadin. Horretarako, dagoeneko lanean ari da ikertzaile-taldea, tumore-zelulei antzemateko eta automatikoki zenbatzeko sistema bat garatzen eta mikrotxipa hobetzen.

1
270
2010
12
015
Medikuntza; Teknologia
Albisteak
16
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila