Harvard Unibertsitateko ikertzaileek odol- eta gernu-analisiak egiteko tresna sinple eta merke bat asmatu dute, garatze-bidean dauden herrialdeetan erabiltzeko aproposa. Paper-geruzak eta bi aldeetatik itsasten den esparatrapua txandakatuz eginda dago, iragazgaitza da, eta ez du energiarik erabiltzen.
Hiesa, malaria eta beste gaixotasun batzuk diagnostikatzeko baliagarria izango dela uste dute egileek, eta dagoeneko frogatu dute gernu sintetikoan glukosa- eta proteina-mailak detektatzeko balio duela. Paperean egindako ildasketatik kapilaritatez igotzen da lagina, eta adierazle kimikoetara iristen da. Horiek kolore-aldaketaren bidez adierazten dute lagin jakin batean badagoen edo ez bilatzen den molekula edo mikroorganismoa, edo zer neurritan dagoen.
Diagnostikatzeko tresna hori asmatu duten ikertzaileek beste gailu merke eta erabilgarri batzuk ere egin dituzte; esaterako, plasma eta odola bereizteko zentrifugagailu bat, arrautza-irabiagalu bat erabilita.
Oraingoz prototipoak dira, baina ikertzaileek Diagnostics for All (Diagnostikoak guztientzat) irabazi-asmorik gabeko enpresa bat sortu dute, garatze-bidean dauden herrialdeetarako tresna egokiak sortzeko.