Non dute bakterioek gerria?

Bakterioak ugaritzeko erdibitu egiten dira. Zelula-kume biek material genetiko eta proteiko bera jaso behar dute, eta, gainera, tamaina berekoak izan behar dute. Behar dena baino txikiagoa den zelula ez da aurrera aterako. Baina nola lortzen dute bakterioek, zelula eukariotoen makinaria molekular sofistikaturik gabe, beren erdiko gunea non dagoen jakitea? Escherichia coli bakterioan, behintzat, Min izeneko proteina-familia inplikatuta dagoela ikusi berri dute.

Bakterioa zatitu aurretik, gerrialdean Z eraztuna deritzon egitura sortzen da. Horrek zelula estutu egiten du, bitan zatitu arte. Horretarako, Min familiako hainbat proteinak hartzen dute parte, Min C, Min D eta Min E proteinek, hain zuzen ere. Proteina horiek bat egitean dardara-mugimendua sortzen dute, eta uhinak kanporantz zabaltzea eragin. Uhin horiek zelularen mutur batetik bestera zabalduko dira. Horrela, Min C proteina zelularen mutur batean kokatuko da, Min D beste muturrean eta, bitartean, Min E erdialdean pilatzen joango da. Era horretara, Z eraztunaren sorrera proteina horien kontzentrazio gradientearen menpe geratzen da. Min C-ak eraztunaren sorrera eragozten du, horregatik eraztuna erdian soilik sortu ahal izango da, Min C-aren kontzentrazioa oso baxua den gunean, alegia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila