Nola sartzen dio ziria plazeboak garunari?

Askoren ustez, plazeboek eragin psikologikoa dute, hau da, sendatzen badute, pazienteak horretan sinesten duelako da. Hori da guztia. Alabaina, ikertzaileek frogatu dute plazeboek eragin fisikoa dutela garunean. Garuneko jarduera ikusteko modua ematen duen PET teknikaren bidez egiaztatu dute eragin hori.

Hain zuzen ere, 2002. urtean, Karolinska Institutuko ikertzaileek ikusi zuten odol-emaria handitu egiten dela errezeptore opioide ugari dauden eremuetan, mina arintzen omen duten plazeboak boluntarioei emanda. Hau da, mina kentzeko erabiltzen diren botiken eragin berbera dutela garunean.

Orain, plazeboek errezeptore opioideetan duten eragina aztertu du Michigango Unibertsitateko JonKar Zubieta ikertzailearen taldeak. Horretarako, aske dauden errezeptore opioideetara lotzen den molekula erradiaktibo bat erabili dute.
Hartara, ikusi ahal izan dute nola eragiten duten plazeboek errezeptoreetan.

Esperimentuan hamalau boluntario erabili dituzte, eta frogatu dute, mina kentzen omen duen injekzio bat boluntarioei emanda, egiaz ez dutela minik sentitzen, nahiz eta injekzioak seruma besterik ez izan.
Are gehiago, PET teknikaren bidez hartutako irudietan, garbi ikusi dute ez dela errezeptore askerik gelditzen. Hortik ondorioztatu dute mina arintzen duten molekulak —opioideak— jariatzen dituela garunak plazeboa hartutakoan. Horiek errezeptore opiodeetara lotzen direnez, irudietan ez da errezeptore askerik azaltzen, denak lotuta baitaude.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila