Nola errotzen eta zabaltzen da tuberkulosia?

Mycobacterium tuberculosis bakterioak sistema immuneari aurre nola egiten dion aztertu dute Ipar Karolinako Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Ikerketa horri esker, sistema immuneari ihes egiteko eta gaitza zabaltzeko, proteinak jariatzeko sistema bat erabiltzen duela bakterioak jakin dute.

Hain zuzen ere, bakterioaren genoman secA1 eta secA2 geneak daude. Lehenengoa bazekiten ezinbestekoa zela bakterioarentzat, baina ez zekiten zein eginkizun zuen bigarrenak. Orain ikusi dute secA2 genean dagoela birulentziaren gakoa, horrek kodetzen duen proteina faktore patogenoak jariatzeko sistemarekin erlazionatuta baitago. Gainera, proteina horrek biriketan zabaltzen laguntzen dio bakterioari.

Halaber, bakterioaren birulentziarekin erlazionatutako molekulak identifikatu dituzte, eta horrek gaitza sendatzeko botika berriak lortzen lagunduko duela uste dute.

Tuberkulosiak bi milioi lagun hiltzen ditu urtean, batez ere garatze-bidean dauden herrialdeetan, eta munduko populazioaren herena kutsatuta dago.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila