1986.eko Nobel Saria, mikroskopio elektronikoaren bilakabideari lotua dago eta 50 urteko eztabaida bati bukaera edo eman dio. Saria jaso duenetako batek, Ernest Ruska fisikari alemanak, 1931.ean asmatu zuen mikroskopio elektronikoa. Garai hartan Rheinhold Ruedenberg-ekin ari zen lanean eta honek Ruska-ren ideia hartuta Estatu Batuetan eta Britainia Haundian patentatu zuen.
Alemanian ordea ez zuen Ruedenberg-ek bere lankide gaztearen lanaz jabetzea lortu. Nobel Sari honen bidez munduko komunitate zientifikoak mikroskopio elektronikoaren asmakuntzan eta garapenean lehenengo urratsak Ruska-k eman zituela aldarrikatu du aho batez. Ruska, dagoeneko 80 urte dituelarik, mikroskopio elektronikoaren garapenari lotu zaio bere ikerketa guztietan.
Fisikazko Nobel Sariaren beste zatia, Gerd Binnig-ek eta Heinrich Rohrer-ek osatutako ikerketa-taldeari eman zaio. Hauek ere mikroskopioaren munduan ari dira lanean eta solidoen gainazala atomoz atomo miatzea posible egiten duen tresna bat asmatu dute.
Mikroskopio elektronikoek, objektuen tamainua handiagotzeko elektroi-sortak erabiltzen dituzte argi-izpiak erabili ordez. Honela, mikroskopio optikoez 2000 biderreko handiagotze maximoa lortzen bada, mikroskopio elektronikoen bidez milioi bat bider handiago daiteke tamainua. Mikroskopio optikoen uhin-luzera atomoen batezbesteko tamainua baino 2000ren bat aldiz handiagoa da. Beraz, argi ikuskorrak ezin ditu atomoen egituraren detaileak argitu. Elektroien tamainua atomoarena baino txikiagoa denez ordea, mikroskopio elektronikoaz posible da atomoen egitura azaltzea.
(*) Mikroskopio elektronikoaz zehaztasun gehiago izateko, ikus "Zenbat ate, hainbat maratila" ELKAR. 1984. 69. orr.
Erreakzio Kimikoen alderdi fisikoen azterketan aintzindari izan diren hiru lagunek jaso dute Kimikazko Nobel Saria. Dudley Herschbach, Yuan T. Lee eta John Polanyi izan dira hiru irabazleak.
Nobel Saria emateko oinarri izan den lana, 1960.eko hamarkadan egin zuten Herschbach eta Lee-k. Gurutzatutako molekula-sortak izeneko teknika garatu zuten elkarlanean. Teknika honen bidez erreakzio kimiko batean zehar bi molekula hurbiltzeko behar den energia neurtu zuten lehen aldiz.
Polanyi-ren ekarpena, infragorrizko termoluminiszentziaren teknika izan da. Teknika honen bidez Herschbach eta Lee-k egindako lana sakontzea posible izan da eta era berean erreakzio kimiko batean zehar atomoen barnean zer jazoten den ezagutu da.
Kimika Saria jaso duten hiruon nortasuna, berezia da. Herschbach bere gazte-denboran amerikar futbolean famatu bihurtzekotan ibili zen. Lee-k, Taiwan-en jaiotakoak, Marie Curie-ren biografia irakurri ondoren erabaki zuen zientzilari izatea. Eta Polanyi handik hona ibilitakoa da; guraso hungariarren seme, Berlinen jaiotakoa, Manchester-eko unibertsitatean ikasketak egindakoa eta Canadan lanean ari dena. Bere aita Michael Polanyi, Kimikari eta filosofo ezaguna izatetik at Einstein-en laguna zen.
Medikuntzako 1986.eko Nobel Saria Stanley Cohen-ek eta Rita Levi-Montalcini-k batera irabazi dute. Hazkuntz faktoreei buruz egindako lanagatik izan dira sarituak. Hazkuntz faktoreak, hazten ari diren animalien zelulei buruz informazioa ematen duten proteinak dira. Hauek hazkuntza erregulatzen dutenez, etorkizunean erabilpen bikaina izan dezakete kaltetutako ehunen sendakuntzan.
Bestalde, kantzerraren sendatze-bidean ere, laguntza handia eman dezake zelulen hazkuntz faktoreen ulermenak, zeren eta minbizia zelulen kontrolatugabeko hazkuntza besterik ez bait da.
Rita Levi-Montalcini, egun Erromako "Consiglio Nazionale della Rechercha" delakoaren zelula-biologiazko laborategiko buru da. Nobel Sariraino egin duen bidea ez da erraza izan. Judu-familian jaiota, zientzi ikasketak egiteko bere aitaren egoskorkeria gainditu behar izan zuen. Medikuntz eskolan egin zituen ikasketak, baina zoritxarrez bigarren mundu-gerra ikasketak bukatu bezain pronto lehertu zen.
Judua izanik, faszisten Italian ez zuen lan egiterik. Hortaz, bere etxeko logela batean laborategia antolatu zuen eta bere irakasle izana zen Guiseppe Levi-rekin, judua hura ere, oilo-enbrioien ikerketan aritu zen. Gerra ondoren, Estatu Batuetara joan zen eta han Nobel Saria irabazteko ikerketa-lana burutu zuen Stanley Cohen-ekin batera.