New Horizons zundaren emaitzak argitaratu dituzte

Arg. NASA/Johns Hopkins University Applied Physics Laboratory/Southwest Research Institute/Roman Tkachenko

New Horizons zunda Ultima Thulera iritsi zenetik, lehenengo emaitzak argitaratu dituzte Science aldizkarian. Zunda batek gertutik aztertutako unibertsoko gorputzik urrunena da Ultima Thule (2014 MU69): Neptunotik harago dago, Kuiperren gerrikoan, beste milaka asteroide eta milioika kometen artean, eta eguzki-sisteman inoiz ikusitako objekturik gorriena dela adierazi dute. Metanola, ur izoztua eta molekula organikoen ebidentziak aurkitu zituzten azalean, eta uste dute kolore gorrixka materia organiko hori eraldatzean sortutakoa izan daitekeela.  

Bestelako ezaugarriak ere aztertzen ari dira: azaleko mantxa distiratsuak, haran eta mendixkak, eta krater eta zuloak, besteak beste. Aurkitu duten sakonunerik handienak 8 km-ko zabalera du, eta inpaktu batez sortuko zela uste dute. Beste zulo txikiagoak, ordea, izotzak eragindakoak izan daitezkeela diote NASAko ikertzaileek.

Bi lobuluko objektua da. Ultima izenez ezagutzen da handiena eta Thule izenez txikiena. Hasieran, bananduta baina objektu bitar gisa orbitatuko zutela uste dute, eta gerora fusionatu egin zirela. Lerrokatze-ardatzak ikusita, iradoki dute fusionatu ziren alde berak izango zituztela parez pare eta puntu beraren inguruan orbitatzen aritu ziren bitartean.

Une hauetan Ultima Thulek Eguzkiraino duen distantzia ikusita, eta orbital egonkorra izanik, ikertzaileek uste dute ez zuela apenas aldaketarik pairatuko eguzki-sistemaren sorreratik, kaltetuko zuen erradiazio gutxi jasotze baitu. Hala, gure planeta-sistemaren hastapenak ikertzeko balio handiko objektua dela aurreikusi dute, espazioko fosil bat bailitz. 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila