Ultima Thulek elur-panpin gorrixka baten itxura duela argitu dute jada

ultima-thulek-elur-panpin-gorrixka-baten-itxura-du
Ultima Thule gorputz binario bat dela frogatu dute haren azaletik 2.000 km-ra hartutako argazkiek. Arg. NASA/JHUAPL/SwRI

Ultima Thuleren (2014 MU69) argazki berriak zabaldu dituzte NASAk eta AEBtako Johns Hopkins Unibertsitateak. Oraindik New Horizons zundak hartutako argazkien % 1 besterik ez dute ikusi ahal izan, baina jada argitu dute beren lehenengo zalantza: objektu bakar bat da Ultima Thule, ez bi objektu independiente. Elur-panpin baten itxura duela ikusi dute: hala, gorputzari Ultima deitu diote eta buruari Thule.

Misioko arduradunek azaldu dutenez, baliteke Ultima Thule duela 4.500 urte inguru hasi izana sortzen. Gorputz txiki izoztuez osatutako hodei birakari batean, ustez gorputzok fusionatzen hasi ziren, Ultima eta Thule sortu ziren arte. Elkarrekin orbitatzearen ondorioz, bi objektu independiente haiek gerturatzen joango ziren, mugimendu espiral batez, elkar ukitu eta egungo Ultima Thule gorputz binarioa sortuta.

Arg. NASA/JHUAPL/SwRI

Eguzkitik hain urruti dagoenez, Lurrak baino 1.600 aldiz argi gutxiago jasotzen du Ultima Thulek, baina, hala ere, kolore gorrixka duela ikusi ahal izan dute. Orografiari buruzko informazioa eskuratzea ere espero dute, zundak 900 argazki hartu baititu, baina NASAk adierazi du bi urte behar izango direla argazki horiek guztiak Lurrera irits daitezen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila