Ikerketa erraldoia egiten ari dira Estatu Batuetan, neutrinoaren propietateak aztertzeko. MINOS izeneko proiektu horri esker, ikertzaileek berretsi egin dute neutrinoek masa dutela.
MINOS proiektuak partikula-azeleragailuak eta neutrino-detektagailuak erabili ditu ikerketa egiteko. Gailu horiek lur azpian daude kokatuta, elkarrengandik 735 km-ra. Partikula-azeleragailuak neutrinoak sortu eta jaurtitzen ditu kilometro eta laurden luze den tunel batean. Hiru neutrino-mota daude, eta, lurrazala zeharkatzean, neutrinoak eraldatu egiten dira; mota bateko neutrinoak beste mota bateko bihurtzen dira. Hala, partikula-azeleragailutik ateratzen diren neutrinoak detektagailura iristen direnekin alderatuta, jakin daiteke zenbat neutrinok aldatu duten izaera. Bi neutrino-motaren arteko masa-diferentzia kalkulatu dute horrela, eta jakin dute diferentzia hori elektroiaren masaren % 0,00001 halakoa dela. Hirugarren neutrino-mota sekula neurtu ez den arren, teorikoki frogatuta dago haren existentzia, eta MINOS proiektuaren bidez hura detektatzea espero dute.
Neutrinoak ez du ohiko masarekin inolako elkarrekintzarik. Hala ere, izarrek eta prozesu nuklearrek sortutako neutrino ugari dago unibertsoan, eta hortik unibertsoaren sorrerari buruzko informazioa lor liteke.