Neuronek sistema immunean eragiten dute

Askotan esan ohi da gogoaren eta gorputzaren artean lotura dagoela eta, adibidez, bizi pozak gaixotasunetatik babesten gaituela edo norberaren jarrerak eragin handia duela sendatze-prozesuaren bilakaeran. Orain, neuronen artean komunikatzeko balio duten gai kimiko batzuek sistema immunean eragina dutela frogatu da.

Besteak beste loaren zikloa kontrolatzen duen neuropeptidoa aztertu dute Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek saguekin egindako lanean. Neuropeptido horrek, funtzio neurologikoak betetzeaz gain, sistema immunearen T-linfozitoei eragiten diela ikusi dute. Seinalearen intentsitateak bi linfozito-motaren oreka baldintzatzen du, eta desorekak gaixotasunak sortzen ditu: bietako baten gehiegizko kantitateak arazo autoimmuneak sortzen ditu; bestea gailentzen bada, aldiz, alergiak azaltzen dira. Hala ere, ikertzaileek oraindik ez dakite neuropeptidoaren eragina zenbaterainokoa den; ondorioz, ezta gaixotasun horiek sendatzeko neuropeptidoa erabili ahal izango den ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila