Nerbio gezurtiak

Bizkarrezurreko nerbioak kaltetu eta minarekiko erantzuna handitzen dutenean sortzen da min kronikoa deritzon gaitza. Gaitz hori minbiziak, artrosiak edota nerbioek jasandako kalteek eragin dezakete. Kaltearen ondorioz, ziztada leuna labankada balitz bezala sentitzen du gaixoak.

Mina leuntzeko morfina eta antzerako analgesiko indartsuak erabili ohi dira baina, horiek bigarren mailako efektu kaltegarriak dituzte. Hori dela eta, Minneapolis-eko Minnesota Unibertsitateko Patrick Mantyn ikertzaileak mina leuntzeko beste bide bat jorratu nahi izan du. Kaltetutako neurona horiek P izeneko substantzia erabiltzen dute beren artean komunikatzeko eta Minneapoliseko ikertzaileei substantzia hori eraldatu eta nerbio kaltetuak suntsitzeko erabiltzea bururatu zitzaien. Horretarako, P substantziari saporina, landareek duten proteina toxikoa, lotu zioten. Neurona SP-SAP bataiatutako substantzia berria P substantziatzat hartu eta barneratzen duenean, pozoinduta eta erabilgaitz geratzen da. Tratamendua arratoiekin probatu da eta emaitza onak eman ditu; 200 egunen buruan ere SP-SPAren efektua oraindik nabaria zen arratoiengan. Morfinarekin ez bezala, tratatutako arratoiek min-kinada leunekiko sentikortasuna gorde zuten; SP-SPA substantziak, beraz, mina kontrolatzen duten beste mekanismoak ez zituen kaltetu.

Tratamendu hori gizakiongan erabiliko bada ordea, gaixo terminalentzat edo oso kasu berezientzat izango da erabilgarria, mina neuronak suntsituz leuntzen baita.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila