Nekazaritza eta naturgune babestuak

Gaur egun eta Euskal Herrian gizakiak nolabait eraldatu gabeko inguru zabalik ez zaigu geratzen; hala ere, gizakiaren eragin hori oso desberdina da inguru batzuetatik besteetara eta, Natura aipatzen dugunean, berezko ekosistemak izango zirenetik gertuen daudenaz ari gara pentsatzen. Eta hauek nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzarako erabiltzen diren sailak izanik, Natura babestu nahi dugun bakoitzean iharduera hauek kontuan hartzea ezinbestekoa zaigu.

Ildo horretatik, duela bost urte Eusko Legebiltzarrean onartu zen lehendabiziko Euskal Baserrialdeko Plangintzan idatzi zen bezala, nekazaritzako elikagaien sektorea, habitat naturala eta biztanleria landatarra, elkar osatzen duten errealitate beraren hiru dimentsio dira. Ondorioz, Euskal Herriko Natura Babesteko Legeak, Naturagune Babestuez ari denean, bertako biztanleen garapen sozioekonomikorako egitarauak ezartzera behartzen du, ohizko ihardueren azpiegitura eta zerbitzu-mailak hobetu nahi badira bederen.

"Parke Naturaletako berezko fauna iraunarazteko bide egokiena ohizko artzantza mantentzea da".
A. Bengoa Ansa

Horregatik, Naturgune Babestuetarako Antolaketa Planak eratzen direnean, nekazaritza iharduerak mantentzea eta hobetzea dira kontuan hartzen diren helburu nagusiak. Azken finean, babes ikuspegitik ere, ekosistema horietako elementuak eragin hauetara egokitu dira mendeetan zehar eta beraien iraupena eta iharduera lotuta doaz.

Horren adibide argia gure mendietan dugu; Aralar eta Aizkorri bezalako mendietan interes handiko hainbat landare eta animalia ditugu eta hauetatik asko goialdeko larreetan, bertako larreetatik, bizi dira. Kontuan izanik larre hauek ez direla berezkoak, gizakien aziendak eratu eta mantentzen dituenak baizik, mendi hauetan larratzen den azienda gutxituko edo desagertuko balitz, ekosistema hauen oreka eten eta espezie askoren etorkizuna arriskuan jarriko litzateke.

Hegazti harrapari handiak ditugu espezie horien artean ezagunenak; hala nola, sai arrea, sai zuria, ugatza edo arrano beltza. Hauen urritasuna dela eta, Naturgune Babestuen helburuetako bat horien iraupena ziurtatzea izango da. Horretarako, azienda eta artzainak mantentzea ezinbestekoa da. Horregatik, Aralar bezalako Parke Naturaletako fauna bitxia iraunarazteko bide egokiena ohizko artzantza mantentzea da.

Baina iharduera horiek mantentzeko ahaleginak ez dira zeharkako helburuetan bakarrik oinarritzen, nahiz eta horiek garrantzitsuak izan. Gizarte honetan arriskuan daudenak ez baitira landaretza edo fauna bakarrik; artzantza edo nekazaritza bezalako iharduerak ere bai. Horregatik, Autonomi Elkartean natura babesteko xedatu diren printzipioei jarraituz, Naturgune Babestuen ahalegin nagusiak habitat naturala eta biztanleria landatarra uztartzera joango dira.

Iñaki Aizpuru
Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurugiro Departamentuko teknikaria.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila