Nekazaritza biologikoa ohikoa baino errentagarriagoa?

Askotan entzun dugu produktu organikoen produkzioa ohiko metodoen bidez hazitakoena baino garestiagoa dela. Gainera, ordaintzen ditugun prezioak ikusita, hala dela sinistera iritsi gara. Washington Estatuko Unibertsitateko zientzialari-talde batek sagarrekin egindako ikerketaren arabera, ordea, ez du zertan horrela izan. Alderantziz, nekazaritza biologikoa ohiko nekazaritza baino errentagarriagoa omen da.

Ikerketa egiteko, ikertzaileek lursail bat hirutan banatu eta sail bakoitzean metodo desberdin bat erabili zuten landatutako sagarrondoak hazteko. Lehenengo sailean sistema organikoa erabili zuten; hau da, ongarri gisa konposta eta gorotza erabili zituzten, eta izurriteak babes-laboreen, lur-estalkien eta metodo mekanikoen bidez kontrolatu zituzten. Bigarrenean, berriz, ohiko metodoa erabili zuten; hots, pestizida kimikoak eta ongarri sintetikoak erabili zituzten. Hirugarren sailean, ostera, metodo biak konbinatu zituzten.

Emaitzen arabera, sistema organikoaren bidez zaindutako lursailean lortu ziren energia-eraginkortasun eta errentagarritasun ekonomiko handienak. Gainera, sail horretako lurraren kalitatea hobea zen eta bertako zuhaitzetatik jasotako sagarrak besteak baino apur bat gozoagoak ziren. Berria irakurrita, beraz, badirudi produktu organikoengatik gehiago ordaintzen jarraitzeko funtsezko arrazoirik ez dagoela. Hala ere, entzun egin behar metodo biologikoa erabiltzen duten nekazariek berri horri buruz duten iritzia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila