Negutegi-efektuaren eragina mekazaritza-alorrean

Gauzak asko aldatzen ez badira eta UNCTADek, hots, NBko Merkataritza eta Garapenerako Mintegiak, joera aldatzen ez badu, Lurraren atmosfera berotzen duten gasak emititzeko baimenak akzio gisa kotizatuko dira Burtsetan.

Urtarrilean, Pragan egin zen bilera batean, UNCTADek Japonia, EEBB eta EEE elkartu zituen poluzioaren inguruko esperientziak elkar trukatzeko eta horrela, karbono dioxidoaren emisio-eskubideen merkatua antolatzen hasteko. Aipatu estatu eta elkarteek, erregai fosilen errekuntzatik sortutako karbono dioxidoaren % 40 produzitzen dute eta ez da ahaztu behar, Klima Aldaketaren Mintegiak estatu guztiei egin dien eskaria; hau da, 2000. urteko karbono dioxidoaren emisioak 1990. urtean izan zenaren mailakoa izan behar duela, alegia.

Egoera honen aurrean, merkatu bakar bat sortzen bada, gobernuek beren poluzio eskubideen zati bat poluzioa sortzen duten enpresen esku utz dezakete eta enpresa hauek beraien artean sal edo eros ditzakete baimenak. Adibidez, poluzio asko sortzen duten enpresek enpresa garbiei erosi beharko dizkiete baimenak. Estatu-mailan gauza bera gerta daiteke. Estatu batek haizetiko energia edo trenbide-sare egoki bat garatzen baditu adibidez, azpiegitura-kostuen zati bat berreskura dezake soberako poluzio baimenak poluzio handiago sortzen duen estatu bati salduz.

Baina, nola antolatu baimenen banaketa edo zein iritzi erabili horretarako? Posibilitate asko egon badaiteke ere, poluzioan oinarritutako irizpidea da indar gehien hartzen ari dena; hau da, Lurreko pertsona bakoitzeko ikatz-tona esleituz adibidez. Egun EEBBetan pertsonako 5 tona emititzen dira eta Txinan 0,5 tona. Beraz, kasu honetan EEBBak Txinari erosi beharko lizkioke baimenak.

Klima Aldaketaren Mintegiak 2000. urteko karbono dioxidoaren emisioak 1990. urtean izan zenaren mailakoa izan behar duela eskatu die estatu guztiei.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila