Neandertalek pentsamendu abstraktua zutela frogatuko zukeen irudi bat topatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Irudi sinplea da, lerro paralelo batzuk gurutzatuta, sareta moduko bat eratuz, eta ez da halabeharrez sortua, alegia, nahita eginda da. Gibraltarreko Gorham-en kobazuloan aurkitu dute, eta gutxienez 39.000 urte dituela kalkulatu dute. Garai hartan neandertalak bizi zirenez kobazulo hartan, egilea haietako bat izan zela ondorioztatu dute ikertzaileek. Hori horrela bada, neandertalek eginda orain arte topatu den lehen errepresentazio abstraktua litzateke. Eta horrek neandertalek pentsamendu sinbolikoa zutela frogatuko luke.
neandertalek-pentsamendu-abstraktua-zutela-frogatu
Gorham-en kobazuloan aurkitutako neandertalen garaiko grabatua. Arg. Stewart Finlayson/PNAS

Irudiak 300 cm2 ditu, eta arroka baten gainean dago grabatuta, horizontalean. Berez, duela bi urte topatu zuten, eta, geroztik, nazioarteko talde bat aritu da hura aztertzen, Huelvako Unibertsitateko ikertzaile baten gidaritzapean. Orain, PNAS aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Artikuluaren arabera, margoak edo grabatuak egitea gaitasun kognitibo gorenarekin lotzen da, ikur sinbolikoak gordetzeko eta transmititzeko era baita. Eta orain arte ez zenez neandertalek egindako margorik edo grabaturik topatu, zenbait adituk zalantzan jartzen zuten haien ahalmen kognitiboa. Horregatik eman diote hainbesteko garrantzia ikertzaileek.

Gorham-en kobazuloa (Gibraltar). Arg. Clive Finlayson/PNAS

Irudia grabatu bat denez, ezin izan dute karbono-14aren teknika erabili datatzeko. Horren ordez, grabatua estaltzen duen geruza aztertu dute, teknika bat baino gehiagoren bidez. Bai mineralen azterketak, bai geruzan horretan topatutako tresnek, aditzera ematen dute duela 39.000 urte baino lehenagokoa dela grabatua duen harria.

Bestalde, azterketa esperimental sakonak egin dituzte irudia ausaz sortu zela baztertzeko, adibidez, larrua lantzean edo asmo berezirik gabe harrian marrazten ari zirela. Ikertzaileek ez dute zalantzarik: irudia nahita egina da, hura sortzeko, egileak behin eta berriro marruskatu behar izan baitzuten harria, era berean. Esaterako, marra sakonena egiteko, gutxienez 54 arrastada egin behar izan zituen. Ikertzaileen esanean, horrek erakusten du egileak kontrol neuromotorra zuela eta saiatua zela. Gainera, non egin zuen aintzat hartuta, uste dute kobazuloan zeuden beste kideek ikusteko asmoz egin zuela. Horregatik guztiagatik, ondorioztatu dute pentsamendu abstraktuaren jabe zirela, gu geu bezala.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila