Erdi eta Goi Paleolitoaren arteko mugaren irudi garbiago bat lortu dute EHUko arkeologo batzuek, karbono-14 bidezko datazio-teknika finago bati esker. Trantsizio-garai bat izan zen hura, neandertalari lotutako teknologiaren desagerpena eta gure espezieari lotutakoaren agerpena gertatu baitzen oso urte gutxiko tartean, duela 42.000 urte inguru. Hainbat tokitan aurkitutako aztarnek, ordea, ez zuten trantsizioaren oso irudi koherentea erakusten: Iberiar penintsulan, zenbait aztarnategitako datazioek aditzera ematen zuten Cro-Magnongo gizakiari lotutako industria oso goiz agertu zela, Europan ekialderago dauden beste gune batzuekin alderatuz gero. Horrek, ondorio gisa, iradokitzen zuen neandertalaren eta gure arbasoen arteko bizikidetza-aldi luze samar bat gertatu zela Iberiar penintsulan. Ondorioa eztabaidagai izan da arkeologoentzat urte luzez, besteak beste, datazioa egiteko erabilitako aztarnak desegokitzat jo izan dituztelako batzuek.
Trantsizio-garai hartako kontakizuna eta kronologia argitu nahian, hiru kobatako aztarnak berriz datatu ditu EHUko arkeologo-talde batek, Oxford Unibertsitateko Arkeologia eta Historia Laborategiarekin lankidetzan. Zehazki, hiru aztarnategi hauetako laginak erabili dituzte: Labeko Koba (Arrasate), L'Arbreda (Girona), eta La Viña (Asturias).
“Aztarnategi horiek aukeratu genituen Iberiar penintsularako sarrera-puntuak kontrolatzeko aukera ematen zigutelako; mendebaldeko pasabidearentzat Labeko Koba zen tokirik egokiena, eta, ekialdetik, L’Arbreda zen cromagnonaren lehen urratsak neurtzeko aztarnategi egokiena —dio Alvaro Arrizabalaga arkeologoak eta ikerketaren egileetako batek—. “Kantauri aldean zer abiaduran hedatu ziren ere ikertu nahi genuen, eta, horregatik hartu genuen Asturiasko La Viña koba hirugarren aztarnategi gisa”, gehitu du. Hiru kobetan aurkitu dituzte trantsizio-aldiko teknologia nagusien aztarnak, eta, beraz, egokiak ziren kronologia berrikusteko.
Datazio berriak egiteko, giza jardueraren eragina erakusten zuten hezur-laginak bakarrik aukeratu dituzte, eta ultrairagazketa bidezko metodoa erabili dute laginak prestatzeko. Metodo horrekin laginak oso ondo purifikatu daitezke, eta egiazko adina neurtu karbono-14ren bidez. Izan ere, Erdi eta Goi Paleolitoaren arteko muga karbono-14 bidezko datazioaren mugan dago, eta, ondorioz, “garai horretako neurketak oso kritikoak dira”, ohartarazi du Arrizabalagak. Kutsadura oso txikia jasanda ere, datazio okerra ematen du laginarentzat, den baino berriagoa normalean, eta hori saihesteko erabiltzen dute ultrairagazketa. Hezurretik erauzitako kolagenoa baliatzen dute neurketa egiteko, “kolagenoarekin ez baitaukagu zalantzarik kutsaduraz libre dela”.
Datazio berrien emaitzen argitara, trantsizio-aldiko teknologien kronologia bat dator teknologia horientzat estratigrafiak ematen duen ordenarekin, eta hiru kobetan, duela 42.000 urte kokatzen dute cromagnonaren teknologiaren agerpena. Gainezarpenik, gainera, ez da ikusten neandertalari egotzitako eta cromagnonari egotzitako teknologien artean. Emaitzak Journal of Human Evolution aldizkarian argitaratu dituzte.
Arrizabalagaren esanean, datazio berriek erakutsi dute “ispilatze baten mende egon garela azken 20-25 urteetan”. “Hainbat urtez uste izan dugu gure espezieko lehen gizakiak Iberiar penintsulara iritsi zirenean neandertalak topatu zituztela, eta, elkarbizitza luzea izan zutela, 5.000-10.000 urte ingurukoa, eta, denbora-tartea luzea izanda, aukera handiak egon zirela truke kulturala eta teknologikoa gertatzeko, eta baita hibridazio biologikoa gertatzekoa ere; baina —gaineratu du— emaitza hauek ikusita, hori ez zen gertatu”.
Ez behintzat, Iberiar penintsulan. Arrizabalagak ez du zalantzan jartzen neandertalaren eta gure arbasoen arteko hibridazioa gertatu zela, eta Europaren garai hartako mapa osatzea “ausartegia” jotzen duen arren, hipotesi baten alde egin du: hibridatuta sartu zirela gure arbasoak Europara. “Hibridazioa Ekialde Hurbilean eman zen, duela 60.000-50.000 urte artean, eta, gure eszenatokian, Europara hibridatuta iristen da jada; Europan ez zen bizi izan neandertalarekin batera, edo, oso epe laburrean egin zuen; gure datazioek, eta emaitza gehienek, oso ondo egiten dute bat hipotesi horrekin”, azaldu du.