Nazismoaren eta holokaustoaren historia ezagutzea ezinbestekotzat jo du The Lancet-en medikuntzaren historiari buruzko batzordeak, gaur egungo ikasketa medikoak eta etikoak sendotzeko, eta profesionalek ikuspegi osoago bat izateko, medikuntzan zein ikerketan. Ondorio hori plazaratu du batzorde horrek bere lehen lanean.
Lau kontinentetako, hamar herrialdetako eta arlo askotako kidek osatzen dute batzordea: irakasleak, medikuak, historialariak, ikertzaileak, bioetikan adituak… Argitaratu berri duten lan horretan, nazismoaren eta holokaustoaren garaiko ekintza medikoak, politikak eta sinesmenak biltzeaz gain, gaur egungo jarduera medikoetarako irakaspenak atera dituzte, eta gidalerro pedagogikoak proposatu dituzte, profesionalen heziketarako eta formakuntzarako.
Izan ere, batzordekideek uste dute leku askotan aurkitu daitezkeela garai hartako praktika eta sinesmen medikoen isladak, iraganean ez ezik, baita orain ere; hala nola gurasokeria, matxismoa, arrazakeria, LGTBIQ+ pertsonekiko edo kolektiboarekiko fobia, antisemitismoa, bortxa obstetrikoa eta geriatrikoa…
Haien iritziz, formazio mediko tradizionala motz geratzen da eguneroko eta etorkizuneko erronka etikoetarako, eta horren erakusgarri da osasun-langileek COVID-19aren pandemian izan zituzten gabeziak auzi etiko eta moralei aurre egiteko. Hutsune hori betetzeko, nazismoaren eta holokaustoaren muturreko adibideak irakastea proposazen dute, historia hori ezagutzea baliagarria izan daitekeelakoan erabaki zuzenak eta bidezkoak hartzeko, zalantzazko testuinguruetan eta balioen arteko gatazkak daudenean.
Hain zuzen ere, txostenaren arabera, nazien basakeriak giza eskubideen urratzeen adibiderik muturrekoenen eta ondoen dokumentatutakoen artean daude. Eta haiek bultzatu eta egin zituztenak munstrotzat hartzeko tentazioa dagoen arren, ebidentziek argi zuten dute ez zirela salbuespena. Aitzitik, historiak erakusten du ikertzaile eta osasun-langile askok joka dezaketela etikarik gabe beren pazieenteen aurka, baita haien kontrako krimenak egin ere, testuinguru jakinetan, eta presiopean baldin badaude.
Hortaz, batzordeak uste du giza eskubideen urraketak eta genozidioak identifikatzeko eta prebenitzeko tresnak eman behar zaizkiela ikertzaileei eta osasun-langileei. Finean, ikerketa eta praktika medikoaren zentroan beti etika jartzea aldarrikatu dute; eta etika nola ulertzen duten ere azaldu dute, hitzez hitz: “Etikaren edozein kontzeptualizaziok oinarrian izan behar du izaki guztiak berdinak jaio direla, duintasuna, autonomia eta ekitatea zor zaiela, eta enpatiaz eta begirunez tratatzea merezi dutela”.
Elhuyarrek garatutako teknologia