Askotan izaten ditugu natura hondatzen ari garela dioten berriak. Tarteka leheneratu dela ere jakiten dugu. Azken hori da Kanadako Artikoan Meretta lakuan gertatzen ari dena. 1949.ean Kanadako Garraio Sailaren eta beste hainbat erakunderen egoitzek hondakinak lakura botatzen hasi ziren. 70eko hamarkadaz geroztik, ordea, bertan bizi eta lan egiten zuen jende-kopurua murriztuz joan da eta gaur egun 65 lagun besterik ez dira. Gainera, orain hondakinak ez dira zuzenean botatzen. Eta lakuak ere igarri dio.
Isurketak amaitzearekin batera, laginak hartzeari ekin zioten. Laginetan diatomeoak aztertzen dituzte. Diatomeoak alga mikroskopiko zelulabakar eta berdeak dira eta uraren kalitatearen adierazletzat erabili dituzte. Azterketetan ikusi denez, uraren kalitateak onera egin du nabarmen. Horrela naturak leheneratzeko duen gaitasuna baieztatu dute eta diatomeoak adierazle biologiko egokiak direla ikusi dute Torontoko Unibertsitateko ikerlariek. Sedimentuetako diatomeo-kopuruak eta -motak lakuaren historia jakiteko ere balioko du.