Nerbio-sisteman eragiten duten gas toxikoak detektatzeko nanosentsore bat garatu dute AEBetako ikertzaileek. Gasen eraginez metal oxidozko sentsoreetan gertatzen diren erredukzio- edo oxidazio-prozesuetan oinarritzen da sistema, eta beste batzuen aldean oso energia gutxi behar du funtzionatzeko. Sentsoreak xingola-itxura du, kristalaren antzeko egitura eta 10 nm-ko diametroa besterik ez. Platinozko elektrodoak ditu, eta gasa dagoenean konduktantzia elektrikoan gertatzen diren aldaketak neurtzen ditu.
Orain arte egin diren antzeko sentsoreak baino egonkorragoa eta askoz ere sentikorragoa da. Gainera, berehala dago berriro erabiltzeko prest. Izan ere, gasa igaro eta gero hiru minutu besterik ez du behar lehengo konduktantzia izateko; aldiz, beste sistemek 40 minutu inguru behar izaten dituzte.