Urrezko nanopartikulen gradiente bat osatu dute silizezko azal baten gainean. Partikula txikien horrelako banaketa kontrolatua egiten den lehen aldia da. Materialen esparruan urrats garrantzitsutzat jo daiteke; zientzialarien ustez, egitura horiek aplikazio ugari izan ditzakete elektronikan, kimikan eta biziaren zientzietan.
Material berri hori Ipar Carolinako Estatu Unibertsitatean egin dute. Horretarako, silizezko azal batean oso konposatu organiko bereziak txertatu dituzte; silizio-atomoak dituzten molekulak dira, buru-isatsa egiturakoak. Molekula horien burua silizezko azalean sartu eta isatsak kanpoaldera utzi zituzten gako-lana egiteko. Nanopartikulakgas-fasean isuri dituzte jarrera bertikalean; ondorioz, nanopartikulen gradientea lortzen da, azal-zati 'populatuena' goialdekoa izanda. Emaitza indar atomikozko mikroskopioaren bidez aztertu ahal izan da.
Horrelako azaletan, nanopartikulekiko afinitate espezifikoa duten molekulak harrapatu eta bertan erreakzioak eragin daitezke.