Munduko eskuila txikiena asmatu dute New Yorkeko Rensselaer Institutu Politeknikoan. Nanoeskuilaren zurdak karbonozko nanohodiak dira, eta nanohodi bakoitzaren diametroa metro baten 30 mila milioirena da. Zurdak heldulekutik bururantz mugitzeko, urrezko estalki bat du.
Benetan txikia den arren, oso gogorra da, baina baita malgua ere. Gainera, bestelako eskuilak bezala, gauza askotarako balio du: nanozaborra garbitzeko, nanoegiturak pintatzeko... Elektrizitatea eroateko gai da, eta medikuntzan ere erabilgarria izan daitekeela uste dute.