Zientzialariek luzaroan uste izan dute mitokondrioetako DNAren segmentuak ez direla trukatzen. Ustezko egonkortasun hori, gainera, oinarrizkoa izan da eboluzioari buruzko ikerketa askotan. Badirudi, ordea, uste hori okerra dela, eta horrek zalantzan jar ditzake, esate baterako, eboluzioari buruzko aurkikuntza ugari.
Orain arte uste zen mitokondrioetako DNA amarengandik bakarrik hartzen genuela gizakiok, aitarenarekin nahastu gabe. Horren ondorioz, aldaketa bakarrak mutazio espontaneoak zirela pentsatzen zuten ikertzaileek. Horien gertaera-erritmoa aurreikusi daitekeenez, antzinako gizaki baten eta gaur egungo baten artean dauden ezberdintasunak erabiltzen zituzten bien arteko denbora-tartea zenbatekoa zen eta dibergentziak noiz gertatu ziren kalkulatzeko.
Duela urte batzuk, ordea, aurkitu zuten gizon batek DNA mota hori aitarengandik ere jaso zuela. Orain, azterketa gehiago egin dituzte eta segmentuen arteko trukearen ebidentziak aurkitu omen dituzte. Oraindik ez dakite prozesu hori nola edo zer abiaduratan gertatzen den.