Landare inbaditzaileen kopurua gutxienez hirukoiztu egin da azken 25 urteotan. Hori ondorioztatu dute Europako Batasunaren DAISIE proiektuaren baitan Europako 48 herrialdetan egindako ikerketa batean. 5.789 landare-espezie inbaditzaile sailkatu dituzte, eta horietatik 2.843 Europatik kanpokoak direla ikusi dute. 1980an egindako ikerketa batean, berriz, 1.568 espezie sailkatu zituzten, eta horietatik 580 ziren Europatik kanpokoak. Beraz, ikertzaileen arabera, urtean batez beste sei espezie berri sartzen dira Europan.
Espezie inbaditzaile gehienak Belgikan, Britainia Handian eta Txekiar Errepublikan aurkitu dituzte. Britainia Handian, Alemanian eta Belgikan daude, hain zuzen ere, landare-populazio egonkorrak mantentzeko gai izan diren espezie berri asko eta asko. Espezie berri horien artean hedatuenak Conyza canadensis, Helianthus tuberosus eta Robinia pseudoacacia dira, guztiak Ipar Amerikakoak.