Palermoko Unibertsitateko biofisikari batzuek aztertu dute nola jasotzen duen musika belarriko nerbio-sistemak, eta ikusi dute akorde kontsonanteen --atseginen-- eta disonanteen --desatseginen-- arteko ezberdintasuna neuronen aktibatze-ereduetan dagoela.
Musika batzuk --soinu batzuen konbinazioak-- atseginak egiten zaizkigu. Esate baterako, Mendebaldeko kulturan, do notak mi notarekin batera osatzen duen akordea oso atsegina da, eta, do eta re notek osatzen dutena, aldiz, ez (ez bada testuinguru musikal jakin batzuetan). Harmonia, hain zuzen ere, konbinazio horien segidan oinarrituta dago.
Palermoko Unibertsitatean aztertu dute zergatik diren atseginak edo desatseginak akorde horiek; erantzuna barne-belarriko neuronetan aurkitu dute. Barne-belarriko mintzen bibrazioak jasotzen eta transmititzen dituzten neuronak ezberdin aktibatzen dira entzuten ari diren akordea kontsonantea izan edo disonantea izan. Kontsonanteetan, eredu erregular bati jarraitzen dio neuronen aktibazioak, eta horren ondorioa da soinu hori guri atsegina egitea. Akorde disonanteen kasuan, neuronen aktibazioa askoz nahasiagoa da. Adituen ustez, fenomeno hori gutxi hedatutako musika-kulturak aztertzeko erabil daiteke.