Mongoliako jerboak

Mongoliako jerboak karraskari txiki eta dotoreak dira. Emeek aldiko kume bat baino gehiago egiten dute, baina fetuek umetokiaren barnean duten kokapenaren arabera, kumearen morfologia eta handitan izango duten portaera desberdina da. Izan ere, bi fetu arren artean dauden fetu emeek arraren antzeko portaera izaten dute, fetuen mintza zeharkatzen duen testosteronaren eraginez. Eme horien fenotipoa ere ez da testosteronaren eraginik gabeko emeen berdina.

Dena den, bitxikeria ez da horrenbestez amaitzen: testosterona jasotako emeak bere umaldietan ar gehiagoz erditzen dira. Horrez gain, ar horien artean jaiotzen diren emeak ere testosteronaz “kutsatuak” dira eta amaren fenomenoa behin eta berriz errepikatzen da. Beraz, jerbo emeek fenotipoa (genotipoak ingurune jakin batean adierazitako zantzuak) herentziaz jasotzen dute amarengandik, hauek ar-eragina izan ala ez.

Mongoliako jerboengan, hori ez al da lortutako ezaugarriak transmititzea? Horixe izan da, hain zuzen, denbora luzez eboluzionista ortodoxoak haserrarazi dituen tesia. Eboluzionista ortodoxoen arabera, fenotipoko edozein ezaugarrik nahitaez genotipoen aldaketaren ondorio izan behar zuen. Jerboen kasuan ordea, genotipoaren aldaketarik ez dago, baina hala ere fenotipoen transmisioa bai. Fenotipoa, beraz, herentziaz transmititzen da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila