Monarka tximeletek ordulari biologikoari esker topatzen dute bidea

Udazken partean, monarka tximeletak Estatu Batuetako iparraldea eta Kanada utzi eta Mexikoko oihanetarantz abiatzen dira, negua pasa eta udaberrian ugaldu ahal izateko. Lau mila kilometroko bidaiaren zikloa lau-bost belaunaldiz behin osatzen da; hau da, Mexikorantz abiatzen diren tximeletak toki ezezagun baterantz abiatzen dira, baina, hala ere, ez dira bidean galtzen.

D. Weaver / Science

Ikertzaileak ia ziur daude eguzkiaz baliatzen direla norabidea jakiteko, baina ez dakite nola doitzen duten egunero norabide hori, eguzkiaren posizioa aldatu ahala. Ikertzaileek sekretua ordulari biologikoa erregulatzen duten geneetan dagoela uste dute eta Massachusetts-eko Eskola Medikoan hipotesia egiaztatzeko probak egin dituzte.

Tximeletak propio diseinatutako hegaldi-simulagailuetan sartu eta argi/ilunpe zikloekin jokatu dute, tximeletek ordulari biologikoa ziklo horietara egokitu arte. Gainera, eguzkiaren argiaren arabera gehiago edo gutxiago espresatzen den period geneari jarraipena egin diote. Emaitzak deigarriak izan dira: simulagailutik ateratakoan, eguzki-ziklo erregular baten pean egondako tximeletak bakarrik abiatzen ziren norabide egokian.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila