IBM enpresak Zurich-en duen laborategiko ikertzaileek eta Frantziako Tolosako Materialen Zentrokoek giro-tenperaturan molekulak desplazatzea eta aurrez zehazturiko lekura eramatea lortu dute. 1991. urteaz geroztik, atomoak banan-banan desplazatzen badakite ikertzaileek, baina horretarako erabiltzen den teknikak, inpultso elektrikoak manipulatzeko tenperatura altuak erabiltzea eskatzen duenez, molekulen egitura apurtzeko arriskua zegoen.
Molekulen mekanikako hastapenetan aurkitu dute ikertzaileek irtenbidea: molekula egokiaren eta mikroskopioaren puntaren artean sortzen diren aldarapen-indarrak erabiliz, molekula lekualdatzea lortu da. Jakina, horretarako erabili den mikroskopioa ez da nolanahikoa: tunel-efektuaz baliatzen den mikroskopioak zehaztasun itzelaz egiten du lan eta horri esker, 173 atomoko molekulak dantzan jartzea lortu dute.