Tukanen moko luze eta koloretsuak erradiadore gisa jokatzen duela, eta animaliak gorputzeko beroa galtzeko, alegia, freskatzeko erabiltzen duela ikusi du Kanadako Brock Unibertsitateko ikertzaile-talde batek.
Toco tukanen mokoak gorputzaren luzeraren heren bat hartzen du, eta ornitologoek urteetan dihardute haren funtzioa aztertzen. Kanadako ikertzaile-taldeak kamera termosentikorrekin tukanei argazkiak atera dizkie, ingurune-tenperatura ezberdinetan, eta ikusi dute mokoaren gainazaleko tenperatura berehala aldatzen dela ingurunearen tenperaturaren arabera. Halaber, mokoak odol-hodi asko dituela egiaztatu dute, eta mokoaren gainazalera iristen den odol-fluxua aldatuz Toco tukanak gai direla gorputzeko beroa erregulatzeko: beroari eusteko hotz egiten duenean edo freskatzeko bero egiten duenean. Esaterako, ikusi dute gai direla ilunabarrean, lotara doazenean, gorputzeko tenperatura minutu gutxian 10 gradu zentigradu hozteko, beroa irradiatuz.