Gero eta lotura estuagoa aurkitzen ari dira FOXP2 genearen eta mintzatzeko gaitasunaren artean
FOXP2 geneak desberdin eragiten du gizakietan eta txinpantzeetan, eta litekeena da desberdintasun horietako batzuen eraginez izatea gu mintzatzeko gai eta txinpantzeak ez. Ondorio horretara iritsi dira Kaliforniako Unibertsitateko neurogenetikari batzuk, FOXP2 geneak gizakietan eta txinpantzeetan erregulatzen dituen geneen mapak aztertuta.
2001. urtean ikusi zuten zientzialariek FOXP2 geneak nolabaiteko lotura duela hitz egiteko gaitasunarekin. Gene horretan mutazio jakin batzuk dituzten banakoek ez dute hitz egiteko gaitasunik. Alabaina, ezin da esan mintzamenaren genea denik. FOXP2 geneak transkripzio-faktore bat kodetzen du, eta transkripzio-faktore horrek beste gene batzuen espresioa aktibatzen edo gelditzen du.
Gizakietan eta txinpantzeetan FOXP2 geneak ematen dituen proteinak berdinak dira, bi aminoazidotan izan ezik. Hori oinarri hartuta, adituek ikusi nahi izan dute zer gene aktibatzen eta isiltzen diren kasu batean eta bestean. Horretarako, gizakien garun-zeluletan txertatu zituzten FOXP2 genearen bi bertsioak.
Hala, ikusi dute 116 generi desberdin eragiten dietela txinpantzeen eta gizakien FOXP2 geneek. Adierazi dutenez, gene horietako batzuek lotura nabarmena dute mintzatzeko gaitasunarekin. Adibidez, nabarmendu dute garunaren eta aurpegiaren eraketan parte hartzen duten gene batzuk eta nerbio-sistema zentralaren garapenarekin lotuta dauden batzuk daudela FOXP2 genearen eraginpean.