Farnesiltransferasa entzimaren inhibitzaileak (FTI) zenbait minbizi sendatzeko erabiltzen dira. Orain, progeriaren aurka onuragarriak izan daitezkeela frogatu dute UCLAko ikertzaileek.
Progeria oso gaixotasun arraroa eta bitxia da. Munduan 50 bat pertsonak dutela kalkulatzen dute, eta horiek denak erlojuaren aurka borrokatzen dira. Izan ere, gene batean duten mutazio baten ondorioz, zahartzaroan ohikoak diren sintomak azaltzen dituzte oso txikitatik: zimurrak, ile bakanak... Horretaz gain, bestelako asaldurak ere izaten dituzte, eta nerabezaroan hiltzen dira.
Gene hori mutatuta izateak sortzen dituen akatsetan eragiten du FTIk. Orain arte, minbizi batzuk tratatzeko erabili izan da, eta, toxikotasun txikia duenez, badago umeei ematea.
Ikerketa saguekin egin dute, eta ikusi dute FTIk osteoporosia, hazkunde motela eta indar-galera prebenitzen dituela. Areago, 20 asteko tratamenduan, tratatutako 13 saguetatik bakarra hil zen. Aldiz, tratamendurik jaso ez zuten 14 saguetatik 6 hil ziren denbora horretan. Noski, gizakietan probatzerako denbora eta ikerketa gehiago beharko dira, baina itxaropenerako bidea ireki dute.