Min kronikoaren mekanismoan parte hartzen duten zelulak ez dira berdinak sagu arretan eta emeetan. Hain zuzen ere, Kanadako eta Estatu Batuetako ikertzaileek elkarlanean egindako esperimentu batean, berretsi dute sagu arretan immunologia-sistemaren zelula espezializatu batzuek, mikrogliak, parte hartzen dutela minaren transmisioan; horrekin batera, ordea, frogatu dute emeetan beste zelula batzuk direla arduradunak. Ikertzaileen ustez, horrek azal dezake zergatik mikroglia blokeatzeak mina desagerrarazten du sagu arretan, eta ez emeetan.
Nature Neuroscience aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Saguekin egindako esperimentuan, ikertzaileek min kronikoa eta hantura eragin zieten, atzeko hanken hiru nerbio ziatikoetatik bi kaltetuz. Zazpi egun geroago, mikroglia blokeatzen duen botika bat eman zieten, eta ohartu ziren arrei mina arintzen zien arren, emeei ez zitzaiela gauza bera gertatzen.
Arren erantzuna espero zuten. Izan ere, lehendik ere bazekiten mikrogliak proteina bat espresatzen duela, BDNF izenekoa, zeinak minaren seinalea transmititzen duen bizkarrezur-muineko zeluletan. Emeetan tratamendua eraginkorra ez izateak, ordea, erakutsi zien haietan beste era batera transmititzen dela mina. Antza denez, testosteronak immunologia sisteman duen eraginean dago gakoa.
Hortaz, emeak ikertzea izan da hurrengo pausoa. Oraindik ez dute mekanismoa argitzerik lortu, baina, aurreratu dutenez, emeetan badirudi T zelulak direla minaren transmisioan parte hartzen dutenak.
Ikertzaileen esanean, esperimentuak agerian uzten du animalia emeak eta emeen zelulak erabiltzeko beharra. Gogorarazi dute iaz Estatu Batuetako Osasun Institutuak (NIH) jarraibideak aldatu zituela esperimentuetan bi sexuak aintzat hartzeko, baina, hala ere, askok arrak baino ez dituzte erabiltzen, hilekoaren zikloak eragiten dituen gorabeherak saihesteko aitzakiarekin. Horrekin, baina, ezinezkoa da jakitea zer gertatzen den emeetan. Orain egin duten ikerketak horretaz ohartarazteko balioko duen itxaropena agertu dute ikertzaileek.
Elhuyarrek garatutako teknologia