Milioi bat urteko errautsek iradokitzen dute sua uste baino lehenago erabili zela

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

milioi-bat-urteko-errautsek-iradokitzen-dute-sua-u
Wonderwerk haitzuloan (Northern Cape, Hego Afrika) milioi bat urteko errautsak aurkitu dituzte Arg. © M. Chazan

Hego Afrikako haitzulo batean aurkitutako milioi bat urteko errautsak aztertuta, Bostoneko Unibertsitateko arkeologoek ondorioztatu dute hominido batzuek egindako suarenak zirela errauts horiek. Hala, sua erabili izanaren aztarnarik zaharrena izango litzateke. PNAS aldizkarian argitaratu dute aurkikuntza.

Ikertzaileen arabera, belarra, sastrakak eta hostoak erabili zituzten sua egiteko, eta erretako hezurrak ere aurkitu dituzte. Zaila da esatea zein hominido egon zitekeen garai hartan haitzulo horretan, baina ikertzaileek uste dute Homo erectus izan zela.

Suaren erabileraren ustezko aztarna zaharrenak kanpoan aurkitu izan dira, eta kasu horietan zaila da jakiten kausa natural baten ondorioz sortutako sua izan zen ala ez. Kasu honetan haitzulo barruan dagoenez, ez dago horren zalantzarik. Orain arte onartuen zegoen sua erabili izanaren aztarnarik zaharrena duela 790.000 urtekoa da, Israelen aurkitua.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila