Metanola, etorkizuneko erregaia?

Etorkinean automobilek erregai berria izan dezakete; metanola alegia. Orleans Berri hirian American Chemical Society delakoak egin berri duen bilera batean, Manitoba-ko unibertsitateko Hyman Gesser ikerlariak gas natural erregai-mailako metanol bihurtzeko prozesu berri bat aurkeztu du. Bere ustetan prozesu hau gasolina-produkzioarekin lehia ekonomikoan has daiteke.

Metanola gasolinaren alternatiba erakargarria da garbiagoa delako, eta gainera, errekuntz energia txikiagoa du. Azken honek zera esan nahi du: nitrogeno-oxido gutxiago jaurtikitzen direla. Gasolinak baino oktano-maila handiagoa duenez gainera, ez du oktanaia handitzeko berunezko aditiborik behar. Metanola bestalde likidoa denez, gasolinaren alternatiba gaseosoak baino erosoagoa da saltzeko eta banatzeko.

Badu noski desabantailarik ere. Toxikoa da alde batetik eta bestetik gasolina-tangen soldadurak disolbatzen ditu. Era berean gasolinak baino lurrin-presio handiagoa duenez, gasolina-ponpa honda dezake. Hala ere arazorik larriena metanola modu merkean lortzean datza.

Egun metanola bi urratsetan sintetizatzen da gas naturaletik edo koketik abiatuz. Lehenengo urratsean metanoa (gas naturala) eta ura nikelezko katalisatzaile bero batean zehar pasarazten dira syngas izeneko hidrogenoz eta karbono (II) oxidoz osatutako nahastea lortzen delarik. Ondoren, nahastea beste katalisatzaile batean zehar presio altutan (50-100 atm.) pasarazten da metanola lortzeko. Prozesu honegatik ezin du gasolinarekin lehiatu.

Gesser eta bere lankideek bost urteko lanaren fruitu moduan metanola gas naturaletik urrats batean lortzeko metodoa .martxan jarri dute. Metanoa airetan erretzen da karbono(IV) oxidoa eta ura sortuz. Aire-horniketa mugatuz ordea, metanoa metanolera partzialki oxida daiteke. Presio, tenperatura eta oxigenoaren kontzentrazioa doituz, metanola %8 etekinarekin sintetiza daiteke. Esaten denez, metodo hau ohizkoa baino %20 merkeagoa da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila