Atmosferako metano-kontzentrazioa inoiz baino gehiago handitu da azken bost urteetan, eta gaur egun atmosferara isurtzen den metanoaren bi heren giza jardueretatik dator; besteak beste, erregai fosilen erabileratik, abeltzaintzatik eta zabortegietatik. Emaitza horiek eman dituzte Environmental Research Letters aldizkarian argitaratu berri duten lan batean.
CO2-aren ondoren, metanoa (CH4) da berotegi-efektua duen bigarren gas garrantzitsuena. 2010eko hamarkadan 0,5 °C-ko ekarpena egin zion berotze globalari; CO2-aren ekarpenaren bi heren, IPCC-ren kalkuluen arabera. Hala, Global Methane Pledge (GMP) ekimenean 150 herrialdek baino gehiagok konpromisoa hartua dute hamarkada honetan metano-isuriak % 30 murrizteko; baina ez dirudi hori lortzeko bidean gaudenik, azken kalkuluek erakusten dutenez.
Global Carbon Project-eko ikertzaileek egin dute ikerketa, eta 2000tik 2020ra bitarteko metanoaren datuak ere jaso dituzte beste txosten batean. Txostenak dio metanoaren urteko isuriak % 20 handitu direla azken bi hamarkadetan. Batez ere, ikatz-meatzaritzak, petrolioaren eta gasaren ekoizpenak eta erabilerak, behien eta ardien abeltzaintzak, eta hondakin organikoen zabortegiek eragin dute igoera hori.
Gaur egun, nekazaritza eta abeltzaintza dira metano antropogenikoaren iturri nagusia, % 40. Erregai fosilen jarduerak isurien % 34 eragiten du, eta zabortegiek eta biomasaren erreketak % 19 eta % 7, hurrenez hurren.
Ikertzaileek ohartarazi dute gaur egungo joerak mende bukaeran 3 ºC-tik gorako berotze globala izatera garamatzala, eta ezinbestekoa dela Global Methane Pledge-n hartutako konpromisoari serioski heltzea.
Elhuyarrek garatutako teknologia